giza eta gizarte-zientzien aldizkaria
ISSN: 1130-5738
Euskal kulturaz zer ulertzen den zehaztu ondoren, euskal autore klasikoek euskal gaiak zein hizkuntzatan landu dituzten aztertzen da lan honetan. Hizkuntzalaritzaren nahiz etnologiaren aldetik aho batez onartua da euskaltzaleen artean, beste hainbat elementu bereizgarrirekin batera, euskara dela gure kulturak muinekoena duena. Euskal kulturaz zentzu hertsian hitz egiteko, bada, badirudi beharrezko dela euskara erabiltzea komunikazio-tresna gisa euskal gaiak nahiz bestelakoak lantzerakoan.
Praxia nolakoa izan den aztertzen da, oinarritzat jadanik bilduak dauden euskal autore klasikoen idazlanak hartuta. Erakusgarritzat errepresentagarrienak hautatu dira: Azkue, Orixe, Barandiaran, Lekuona, Aitzol, Lafitte, Zaitegi eta Mitxelena. Sistemaz, metodo koantitatiboa erabiliz, autore horietako bakoitzaren hizkuntz erabilera neurtu da: a) tituluen arabera, b) orrialde-kopuruaren arabera, eta c) testu-masaren arabera. Zein gai landu dituzten ere zehazten da.
Azkenean, ondorio batzuk ateratzen dira aditzera emanez kontraesan nabariak esaten direla teoriaren eta praxiaren artean, autore gehienen hizkuntz erabileran gaztelania baita nagusi. Guztiek praktikatu dute, Zaitegik salbu, elebitasun onargarria, euskara egoera diglosikoan daukaten gaztelania eta frantsesaren faboretan.