giza eta gizarte-zientzien aldizkaria
ISSN: 1130-5738
Artikulu honetan emozioen identifikazioan intonazio hutsaren garrantzia aztertu gura izan dugu. Garrantzi hori neurtu ahal izateko pertzepzio-test batzuetan oinarritu gara. Azterketa egiteko informatzaileek dakizkiten hizkuntzak eta ez dakizkitenak erabili dira eta ezelako marka lexikal bako esaldien bidez burutu dira testak. Emozioen pertzepzioan eta adierazpenean faktore askok eragiten duten arren, hemen intonazioaren izari akustikoei atxikiko gatzaizkie soil-soilik.
Bestetik, jakin gura izan dugu zer-nolako desberdintasunak gertatzen diren hizkuntza batzuetan eta desberdintasun horiek euskaldun elebidunek zelan antzematen dituzten emozioa identifikatzean, nahiz eta hizkuntza ulertu ez. Lana hiru zati nagusitan aurkezten da. Lehen zatian pertzepzio-testa egin ahal izateko erabili ditugun esaldien ezaugarri akustikoak aztertzen dira. Bigarren zatian pertzepzioaren gainean egin dugun esperimentuaren emaitzak biltzen ditugu. Azkenik, hirugarren zatian, ondorioak eta hurrengo lanetarako proposamenak egiten dira.